Erakusketaren babeslea:

Sarrerak erosi

Menua

Bideoa ez ikusi

Erakusketaren babeslea:

Ba al zenekien?

 

 

Jeff Koons nazioarte-mailako artista garaikidea da. Oso ezaguna tamaina handiko eskultura enblematikoengatik eta bere lore-obra monumentalengatik, Guggenheim Bilbao Museoaren Puppy (1992) artelanean ikus dezakegun bezala. Artelana asmatzen duenetik materialki gauzatzen duen arte, Koons bere haurtzaroko esperientzia emozionaletan, eta artista eta kultura herrikoiaren hornitzaile gisa bizi izan dituenetan asko inspiratzen da. Ondorengo testuetan eta irudietan, bere lanaren zenbait eragin biografiko, kultural eta historiko eta artistikoak aztertzen dira.
Ezagutu Koonsen munduan eragina duten arketipoak!

Bizikleta-gurpila eta Alfonbren deluxe xurgagailu-garbigailu berria

Koonsen ibilbidearen hasieratik, Marcel Duchamp-ek eragin handia izan du beregan. XX. mendearen hasierako mugimendu dadaistako artista honek arte- eta gizarte-konbentzioak kritikatzen zituen. Koonsen arabera, “XX. mendeko elkarrizketa artistiko nagusia arte subjektiboaren eta arte objektiboaren artean egin zen. Arte subjektiboa Niaren eta norberaren esperientziaren inguruan mugitzen da, eta fisikoki eskuekin lantzen da. Arte objektiboa Duchampen edo [Andy] Warholen artea bezala da, esperientzia komunaletik hurbilago dago”.

Arte “objektiboan” eta Duchampen aurkitutako objektuetan inspiratuta –artistak artelan gisa aurkezten dituen eguneroko objektuak nahasten ditu, Bizikleta-gurpila (Bicycle Wheel) (1913) lanean bezala–, Koonsek bere Alfonbren deluxe xurgagailu-garbigailu berria (New Hoover Deluxe Rug Shampooer) (1979) lana sortu zuen Serie berriak (The New series) izenekoaren barruan. Artelan honetan, artistak etxetresna elektrikoa bere eguneroko testuingurutik ateratzen du eta, argi fluoreszentez osatutako hondo baten gainean, linea, forma eta masa aztertzeko berriro diseinatzen du. Eguneroko objektuak helburu artistikoekin erabiltzen ditu.

Duchamp, Marcel (1887-1968): Bizikleta-gurpila (Bicycle Wheel) (1951, jatorrizko lana 1913an galdu ondoren)
New York, Museum of Modern Art (MoMA). Muntaia: 63,8 cm-ko diametroa duen metalezko gurpila, 60,2 cm-ko altuera duen zurezko aulki baten gainean jarria. Dimentsioak: 128 x 63 x 42 cm
The Sidney and Harriet Janis Collection.595.1967 a-b .© 2015
Irudi digitala, The Museum of Modern Art, New York/Scala, Florentzia

Macy´s-en Esker Otoitz Egunaren Desfilea eta Untxia

Estatuen seriearen barruan, Koons Lore eta untxi puzgarriak (Zuri Luzea, untxi arrosa) [Inflatable Flower and Bunny (Tall White, Pink Bunny)] izeneko aurreko lanean oinarritu zen Untxia (Rabbit) (1986) izenburua daraman altzairu herdoilgaitzezko bere eskultura ezaguna sortzeko.

2007an, Macy’s-en Esker Otoitz Egunaren Desfilerako helioz betetako globo handi bat sortu zuen. Globoak 16 metro altu inguru neurtzen zituen eta jatorrizko Untxia (Rabbit) eskulturaren forma bera zuen. Esker Otoitz Eguna Estatu Batuetan jaieguna da. Jatorria garai kolonialean duen tradizio honen bitartez eskerrak ematen dira udazkenean izandako uztagatik. Azaroaren amaiera aldera ospatzen den jai honetan, urtero, Macy’s saltoki handiek desfile bat babesten dute. New Yorkeko Bosgarren Hiribidetik barrena egiten den desfile hau telebistaz eskaintzen da eta jende asko biltzen da bertan. Koons New Yorkeko desfile honetan, haurtzaroko oroitzapenetan eta, zehazki, bere jatorrizko York (Pensylvania) hiriko Egun Kolonialaren desfileetan parte hartzean inspiratu zen. Kasu honetan, tradizioa eta arte garaikidea fusionatzen ditu ospakizun sozialaren bila.

Jeff Koonsen Untxi globoa (Rabbit Balloon) Macy’s-en Esker Otoitz Egunaren Desfilean
New York, 2007
Irudia, MACY’s-en eskaintza (New York)

Venusen jaiotza eta ARTPOP

Venusen jaiotza (1483–85) Berpizkunde italiarraren Sandro Botticelli maisuak pintatu zuen. Pinturan ozeanotik urgaineratzen den Venus edertasunaren, maitasunaren eta desioaren jainkosa erromatarraren irudia ikus daiteke. Edertasuna eta proportzio perfektuak giza figuretan irudikatzen dira. Eskultura klasikoen antza dute eta 2008an hasi zuen Antzinatasuna (Antiquity) eta Esfera islatzailea (Gazing Ball) bezalako Koonsen serie batzuetan sartuta daude.

Eskulturez gain, Koonsek Lady Gaga pop izarraren ARTPOP (2013) izeneko azken albumaren portada diseinatu du. Irudiaren hondoan, Koonsek Botticelliren Venusen jaiotza lanaren zati batzuk jarri ditu, eta maskor irekiaren kokapenari esker, jainkosa bate moduan, alabastrozko Lady Gaga bat itsasotik urgaineratzen denaren ilusio optikoa sortzen du.

Koonsek, Esfera islatzailea (Gazing Ball) seriea –bertako lan gehienak 105 aretoan ikus daitezke– erreferentzia gisa hartuz, Lady Gaga fotografiatu zuen. Kasu honetan, artistaren jatorrizko Pensylvaniako soropileko apaingarrietan inspiratutako metalezko esfera urdin bera agertzen da jatorrizko igeltsuzko eskulturen ondoan. Pop garaikideko izarraren eskultura monumentalarekin, Koonsen lana berriro iraganeko eta gaurko ikonoekin lotzen da.

Botticelli, Sandro (1445-1510): Venusen jaiotza. Florentzia, Galleria 13 x 18 degli Uffizi
Tenpera-pintura mihise gainean, 172,5 x 278,5 cm.© 2015
Photo Scala, Florentzia – Beni e Att.Culturali Ministerioaren eskaintza

Elvis bikoitza eta Hulk Elvis I

Elvis Presley, “Rock and Roll-aren Errege” gisa ezagutzen dena, Estatu Batuetako aktore eta musika-ikono izan zen, eta historian gehien saldu duen musika-bakarlaria izaten jarraitzen du. 1960ko hamarkadan, Andy Warhol pop artistak Elvisen grabatu serigrafiatu batzuk tamaina naturalean egin zituen bere jarrera ezaguna erakutsiz. Hala ikus dezakegu bere Elvis bikoitza (Double Elvis) (1963) izeneko lanean, Elvis beraren Suzko izarra (1960) filmaren ondoren sortu zuena.

Hulk Elvis I (2007) pinturan, Koonsek komikiko Hulk pertsonaia erretratatzen du. Pertsonaia Marvel-en komiki-liburuetan agertu zen lehen aldiz 1962an. Artelan honen izenburuan Warholen serie ezagunari erreferentzia eginez eta Hulk Elvisen posizio berean ipiniz, Koonsek kultura herrikoian pertsona ospetsuaren ideia gogoratzen du. Gizon arrunt bat heroi bihurtzen da. Koonsek honela dio: “Hulk Elvis serieak erraietako gaia landu nahi du, baina, aldi berean, jendearekin konektatu nahi du artearen historiaren erreferentziak erabiliz. Artearen historiak pertsonak gizatasunarekin lotzen ditu, geure historiaren alderdi sakonarekin. Zentzu bat ematen dio ez bakarrik gure iraganari, baita gure etorkizunari ere”.

Warhol, Andy (1928-1987): Elvis bikoitza (Double Elvis), 1963. New York, Museum of Modern Art (MoMA)
Mihise gainean polimero sintetikoko pinturan serigrafiatutako tinta, (210,8 x 134,6 cm)
Kirk Varnedoe-ren omenez Jerry and Emily Spiegel Family Foundation-en donazioa
Erregistro-zb.: 2480.2001© 2015
Irudi digitala, The Museum of Modern Art, New York/Scala, Florentzia

Arnolfini bikotea eta Ilargia

Jan van Eyck XV. mendearen lehen erdian Brujasen (Belgika) lan egin zuen margolari bat zen eta gizarteko pertsonaien erretratuak enkarguz margotu ohi zituen. Bere Arnolfini bikotea (1434) lan ezagunean Van Eyckek Giovanni di Nicolao Arnolfini merkatari italiarra eta bere emaztea irudikatzen ditu. Atzealdeko horman, ispilu konbexu bat zintzilik agertzen da. Bertan, eszena begiratzen ari diren bi lagun agertzen dira. Horietako bat, ustez, artista bera da.

Ilargia (Moon) (1995-2000) eskultura Koonsen Ospakizuna (Celebration) seriekoa da. Van Eycken ispiluan ikus dezakegun arrainontziaren perspektiba bera sortzen du, baina Koonsen irudian ikuslea islatzen da, eta ez artista. Arteak, espazioak eta ikusleak Ilargiaren azalera distiratsuan jarduten dute, eta Tulipanak (Tulips) (1995–2004) –Guggenheim Bilbao Museoaren bilduman dago, lehen solairuko terrazan– lanean bezala, bisitarien isla ugari inspiratu ditu.

Eyck, Jan van (1390-1441 ingurua): Arnolfini bikotea, 1434
Londresko National Gallery. Olioa haritzaren gainean, 82,2 x 60 cm
Erregistro-zb.: NG186. Erosia, 1842.© 2015.
Copyright The National Gallery, Londres/Scala, Florentzia

Puppy

Erakusketa dela eta, ekitaldi honetarako bideo bat ekoiztu da. Bideo honek Puppyren begirada bat eskaintzen du. West Highland Terrier bat irudikatzen duen, eta 1997an inauguratu zenetik, Guggenheim Bilbao Museoaren aurrean kokatzen den Koonsen apaindurazko eskultura begetal handia da Puppy. Denboraldi bakoitzean aldatzen diren loreei, eta bere izaera abegikor eta erakargarriari esker, Puppy Bilboko kultur paisaiaren ikono bihurtu da.

Laster.

Puppy, 1992
Altzairu herdoilgaitza, substratua eta loratzen ari diren landareak
1.240 x 830 x 910 cm
Guggenheim Bilbao Museoa
© Jeff Koons
Argazkia: Erika Barahona Ede, FMGB 1997